top of page

Historia

Santamañaren ereserkia

(Mª Angeles Uzkudunek eskainia)

Goibailako zaindaria 

Marina maitea,

Bihoakizu bihotzetik 

Agurmen beroz.

Martiri txalogarria

Odolez jantzia

Gorde gaitzazu zerutik

Gaitz guztietatik

Asteasuar guztiak.

Sarrera

Asteasuarrok, urtean zehar, hainbat jai egiten dugu gure herrian.

 

Lehenengoa, eta nagusiena, San Pedro egunean egiten duguna da. Hura baita gure herriko zaindaria, patroia, alegia.

 

Baina, baditugu beste mailako jaiak ere, eta hori, ermiten arabera egina dago.

Asteasuk bi ermita ditu:

  • Bata Santa Kruz, Elemendin kokatua dagoena.

Ermita hau, duela hainbat urte berritu zuten uda garaiko lanen bidez, eta Diputazioaren laguntzaz.

Gaur egun dotore jarria dago.

  • Bestea, gu gaur arduratzen gaituena Santa Marina ermita da, Santamaña deitzen duguna asteasuarrok.

Ermita hau Goi Bailara auzoan dago, izen bereko mendixkan, muino baten gainean. Asteasuko leku askotatik ikus daiteke eta, asteasuarrok, aspaldidanik beneratzen dugun ermita da hau.

Azken hau da gaur lerro hauetan garatu nahi nukeena.

Sarritan asteasuarren artean galdetzen hasita, inor gutxik daki ermita honen berri.

 

Baina beti izan dugu bere berri jakiteko gogoa eta hori gartu nahi nuke ondoren datozen lerrotan.

Santa Marina izeneko ermitak Gipuzkoan

Santa Marina, Santamaña izena aspaldikoa da Euskal Herrian.

Dirudienez, Done Jakue bidea hemen ingurutik pasatzen omen zen.

 

Gaur egun, edozein mendizalek ikus dezake mendi bideetan Donejakue bideren arrastorik.

Egur sendoz egindako seinaleak adierazten dute: biderik ezagunena, kosta-kostatik zihoana da.

Donostiatik abiatzen bagara ikus dezakegu Igeldon barrena, Oriotik, han mendixka batean dagoen San Martin ermita.

Bertatik Oriora jaisten da eta herria pasa ondoren Zarautza doa. Handik kostari helduz Donejakue aldera omen zihoan.


Baina Santiago bidea hartzen zutenek erabiltzen zuten beste hainbat aukera ere.

Hori ere markatua dago mendian zehar “Frantzia aldetik Santiagora zihoazen erromes taldeak bide basati hauetatik zehar … Murumendiren bizkarretik, Mandubi aldera igarotzen ziren, eta handik San Adriango koba-ra…” (Odriozola, 16)


Guri dagokigunez, Asteasutik ere pasatzen zen.

Bide honek Andatza zeharkatzen du,  Zarate Benta zaharretik Andatzarrate-ra igarotzen da eta hemendik Zelatundik barrena aurrera jarraitzen zuen. Ziur asko erromatarrek erabili zuten bideari jarraituz.

Hau da, uste denez, Santa Marinaren sorreraren iturria. Donejakue bide honen ertzean, atseden lekuak eta ospitaleak jartzen ziren eta bertan santa honen debozioa zutenez gero, hari eskainitako ermitak altxa omen ziren.

Ez dezagun ahaztu izen bereko eta bide berean aurkitzen dela Albisturko Santamaña ere.


Horra, bada, bi ermita izen berdinekoak eta bide berdinaren bazterrean kokatuak.

 

Gipuzkoan badira izen hau duten ermita gehiago ere Donejakue bidetik aparte.

Gauza segurua ez bada ere, Santa Marina ermitak zeuden lekuan ospitaleak ere jartzen omen ziren.


Baina, Donejakue bidean eraikitako ermitak ez ziren Santa Marinarenak bakarrik, baziren beste santuenak ere, hala nola, lehen esan dugun Orioko San Martin eta esan berri dugun San Adrian, besteak beste.

Zergatik igarotzen ziren erromesak hemendik eta ez Nafarroatik barrena? “Frantziako bidea”, Gipuzkoatik zehar.

“IX eta X. mendetan, nafar erribera eta Errioxako lautadako bide irekiak arabiarren mende zeuden eta beren armadaren ustekabeko erasoen arriskuan. (18)


“Hori dela era, Frantziatik zetozen erromesek bide berri bat ireki zuten Gipuzkoa eta Arabatik zehar. Izadi eta mendiek babesturiko bide hauek seguruagoak ziren, lautadako irteeretan giza estrategiak eraikitako gazteluak zituztelarik” (18)


“Bide frantsesa” deitzen zitzaion, gaskoina zuzenik Burgos eta Ebroko gaztelaniako erriberarekin lotzen zuelako. Irundik abiatuz Oria ibaiaren ildoa jarraituz, Tolosa, Ordizia, Segura eta Zegama igaroz San Adriango kobara iristen zen eta hemendik Arabara pasatzen joan ziren.


Erromesak ugaritzen zihoazen eran, Santiago bidean zehar, elizak eta ospitaleak eta erromesei harrera egiteko ostatuak eraikitzen joan ziren.

Asteasuko Santamaña Santiago bidean

Albisturko Santa Marinak “Konpostelako erromes kutsu handia omen du”.

 

Ez dakit Asteasuko Santamañak kutsu hori duen gaur egun, edota inoiz izan duen. Baina egia da Donejakue bidean dagoela.

 

Manuel Lekuonak dioenez, “bazen beste bide bat ere, bigarren mailakoa Aiatik Andazarratera zetorrena, hemen Asteasu eta Alkizako bideak bereganatu eta Iturriotzera zihoana” (Odriozola, 24)

 

“Hemendik Zelatuna igo eta, Ernio alde batera utzi eta Bidanira jaisten zena, Bidaniako Santa Ageda eta hemendik Albisturko Santa Marinara”


“Santa Marinatik, batzuk ipuinetako Murumendiren ondotik Mandubira joaten ziren, gero Kizkitzako Andre Mariaren ermita ondotik pasatuz Ezkiotik Zumarragara jaisteko Antigoatik pasata. Zerain, Mutiloa eta Legazpitik zehar Aizkorrira eta San Adrianera iristeko” (Odrioz. 26)

Noizkoa da Asteasuko Santamañaren lehen aipamena

Aintzinakoa dela ez dago dudarik. Don Hipolito, urtetan Asteasuko erretorea izan zenak esaten duenez, Udaleko artxiboetan agertzen omen da bere izena 1558 urtean.

 

Data hau ikus daiteke Gascueren liburuan ere.

Zer egitura du Santamañako ermitak?

Albisturko Santamaña ere aspaldikoa da, 1353. urtekoa, eta bere egituran erromanikoa da nagusia.
Gurearen lehen aipamena, lehen esan dugunez, 1558. urtekoa da. Alboan txabola bat dauka, gaur egun elkarte bihurtua eta Santamaña egunean taberna gisan funtzionatzen duena.


Ermitak berak ez dut uste erromaniko kutsurik duenik sarrerako atea aparte.

Aipatzekoa da sarrerako ateak duen puntu erdiko arkua.

Baina Don Hipolitori jarraituz nolako arkitektura duen eta non dagoen gogoan izanik, badirudi Tenplarioen garaikoa dela.

Zein ziren tenplarioak eta zertan jarduten ziren?

Tenplarioak XII. Mendean sortutako fraide gudariak ziren.

Haien helburu nagusia Jerusaleneko Lur Santuetara zihoazen erromesak babestea zen.

Horretarako hainbat eraikin jasotzen zituzten eta bertan erromesei laguntza eman eta ospitalea ere ematen zieten. Gero hori bera egiten zuten Donejakue bidean.


Kontu zaharrak gogoratuz, euskaldunok bata bestearen aurka aritzea ez da gauza berria. Ahaide Nagusiek bata bestearen aurka txikitu beharrean aritzen ziren, nor zein baino gehiago.


Baina ez zen hori bakarrik. Garai zahar haietan lapurrak eta gaizkileak ugari omen ziren gure mendietan. Hauek, erromesak erasotzen zituzten. Beraz, tenplarioen zeregina Donejakueko erromesak babestea izan ohi zen.

 

Hori behar bezala betetzeko, bideko herrietan beren talaiak eta eraikinak jasotzen zituzten. Hala nola Aizarnako Santa Engrazin, Asteasuko Santamañan, besteak beste. Erromes gaixotuak zaindu, eliza ondoko eraikinetan babesa eman, sendatu.

 

Beraz, eraikina eta ermita tontorrean egitearen arrazoia, erromesak zaindu eta gaizkileen aldetik babestea zen.

Nola da Santamañako barrua?

Esan behar da, Asteasuko Santamaña, eraikin oso xaloa dela, bai kanpotik eta bai barrutik.


Lehen esan dugun bezala, sarrerako atean puntu erdiko arkua dauka eta arteaz ulertzen dutenek, hori azpimarratzen dute.

 

Barruan hiru alor bereizi daitezke:

 

Bata koroa da. Ez du ezer berezirik, lekune bat eta bere aurrean balkoi bat jendeak bertatik elizkizunak jarrai ditzan.


Behean beste bi atal ikus daitezke; bi atalak hesi batek bereizten ditu.

Kanpoaldeko atalean ere, ez dago gauza berezi handirik, lekune bat eserlekuekin.

Herriak lehen zuen sinesmenak badu zerikusirik ermita barneko hainbat ohiturekin.

 

Garai batean ama asko joaten omen zeren beren semeak besoan hartuta. Haur hori santaren irudiaren oinetan jartzen zuten amets gaiztoetatik babestu zitzan.

 

Beste ohitura alegia, aldare ondoko zuloan burua sartzea zen. Hor burua sartzen zuen jendeak amets gaiztoen loezinaren kontra sendatzeko. Burua barruan sartu ondoren kredoa errezatu behar zen eta, amaitzean burua atera eta aitarena egin behar izan ohi zen.

 

Ama askok mezak ateratzen zituzten eta kandela piztu ere bai. Kandela haiek hesiaren ondoan jartzen ziren.


Egurrezko hesiaren barruan dago aldarea, aldare xaloa, erdi-erdian Santamañaren irudia duela. Aldarea bere xalotasunean, polikromatua da, kolorekoa alegia. Zenbaiten ustetan azken boladan eman zaion margoketa hori ez da oso artistikoa.


Aldare hau XX. Mende hasieran Asteasuko arotz batek egina da:

Joxe Matilde Ugaldek, alegia.

Dirudienez Joxe Matilde, garai hartan Ilobaten bizi zen arotzaren alaba Maria gaisorik omen zegoen eta bera senda zedin promesa egin omen zuen, hau da, aldarea egingo zuela.

Joxe Matilde, gure aitona zen.
 

Duela ez urte asko, Goi Bailarako baserri bateko seme martiri Julian de Lizardiren irudia jarri zuten dotore asko.

Sostengu oso kuriosoa dauka, izan ere Julian de Lizardi hau jesuita zen eta Amerikan hil zen martiri. Asteasuko istorio zaharrek esaten dute, bazela bere baserri ondoan, “Urzubiyan”, alegia, zuhaitz bat. Eta hau ihartua egonik ba omen zuen enborrean zuloa pertsona bat kabitzeko modukoa. Bertan egiten omen zuen otoitz Julian de Lizardi beneragarriak.

 

Gerora, ermita txukundu zutenean, orain ez urte asko, Lizardiren irudiaren sostengutzat aurkitzen da zuhaitz horren azala eta hainbat zati dotore asko jarria.

Zein zen Santa Marina?

Sarritan esaten da guk hainbat alditan ospatzen ditugun santuak ez direla inoiz ez santu izan ezta jaio ere. Hori gertatzen omen da musikarien zaindaria den Santa Zeziliarekin ere. Eta Santa Marinarekin, zer?


Edozeinek kontsulta dezakeen moduan nik neuk ere interneten begiratu dut eta, hara zer dioen Santamañaren gainean. Istorio honek ez du zerikusirik Don Hipolitok bere liburuan esaten duenarekin, santa hau antiokiarra zela jartzen baitu.


Beraz, interneten Santa Marinaren bizitza errealitatea eta legendaz beteta dator.

 

“Balcagia”n jaio omen zen, gaur egun Galiziako Pontevedran Baiona izenarekin ezagutzen den herrian. Gutxi gora behera 119. Urtean. Gurasoak Lucio Castelio Severo eta ama Calsia omen zituen. Aita Galiziako eta Lusitaniako gobernari erromatarra zen. Aita etxetik urruti zela amak bederatzi alaba erditu omen zituen, denak erditze batean. Ama beldurtu omen zen erditze hain ugari hura ez zuelako begi onez ikusiko senarrak, eta fideltasun ezaz salatuko zuen beldurrez, Sila neskameari zera eskatu omen zion: eraman zitzala denak urrutira eta inork jakin gabe ito zitzala Miñor errekan.
 

Silak, ordea, kristau zenez, ez zuen halako astakeriarik egin eta denak lagun eta ezagunen etxeetan kokatu omen zituen. San Ovidiok bataiatu eta denak kristau fedea  bereganatu omen zuten.
 

Neskatoak, edozein pertsonaren moduan hazi ziren, baina halako batean, urteak pasatuta noski, aitak, gobernari erromatarra zenez, Marina eta bere ahizpen kontrako salaketa jaso omen zuen: kristau izatea, alegia.

Garai haietan kristau izatea oso zigortua zegoen.

Baina baten batek bere alabak zirela esan omen zion, bera urruti zela jaiotakoak, eta amak beldurrez ezkutatutakoak. Aita poztu omen zen hori entzutean eta alabak hiltzea astakeria iruditzen zitzaionez, zera eskatu omen zien: utz zezatela kristau fedea eta ordainetan aita gobernariari zegozkion luxus eta aberastasunez beteta biziko zirela.

Baina Marina eta ahizpak ez zeuden beren fedea uzteko prest eta nahiago zuten martiri izan eta hil.

Ezezkoaren ondorioz, denak espetxeratu omen zituen. Baina Marinak eta ahizpek, nola jakin gabe, kartzelatik ihes egitea lortu omen zuten. Azkenik, ordea, berriro harrapatu eta kristau martiri bezala hil ziren, gurutzean iltzatuak eta 20 urte besterik ez zituztela.

Uztailak 18.

Asteasuarrok Santa Marinari diogun fedea, zaletasuna

Gauza asko belaunaldiz belaunaldi etorri dira guregana. Eta asteasuarrok Santa Marinara joateko dugun ohitura noizkoa den esatea, oso zaila da. 
Denboran galtzen da, dudarik gabe. 


Gaur egun, eliz zaletasuna gure herrian jaitsi baldin bada ere, Santamañara jende mordoa joaten da uztailaren 18an. 
Egun hori aprobetxatuz, inguruko egunetan ere jaiak ospatzen dira, hau da, Goi Bailarako festak.


Festetan ez da sekula falta meza bat, normalean goizeko hamaiketan, eta normalean ez da Udaletxeko ordezkaritza faltatzen.

Meza ondoren, ondoko eraikinean hamaiketako ederra dastatzeko aukera izan ohi da. Ez da bertan faltako ardoa, sagardoa eta txakolina. Janariak ere, zer esanik ez, salda, txorizoa, haragi egosia eta gainerakoak.

Zeinek zaintzen du ermita hau?

Santamaña barrutik ikusi nahi duenak, onena festatan bertara hurbiltzea du. Baina, festatik aparte ere bisita daiteke. 


Esan dugunez, alboko borda, gaur Elkarte bihurtuta dago. Bertan gordetzen dituzte giltzak. 


Asteasuko udaletxean ere eskura daitezke.

Nolako festak izaten dira?

Festari irekiera, irudimenez betetako moduan ematen zaio hasiera. 


Festen hasieran panpin edo txorimalo bat igotzen dute txirrika baten bidez beheko pinu lepo batetik. Horri “Tranpa zuloren igoera” esaten diote. 


Festen amaieran, “Tranpa zulo” jaisten dute festak amaitu direla adierazteko. Nik ez dakit zeini bururatuko zitzaion “tranpazulo” izen hori jartzea, baina, egia esan, jendeak gustuko duen deitura da.


Asteasuk, bere historian izan omen du nola halako ospea, eta horien artean, bata da “adarra jotzeko makina” bertan asmatua dela esaten dute herri askotan, eta  bestea, “tranposoen zulo” ote den edo gisako zerbait. 


Gaur egun, gauzak nabarmen aldatu direla argi eta garbia da.

Festak, bestalde, euskal auzo txikiek ematen dioten grazi guztia izaten du. 


Bertan entzun daitezke musika, trikitixa, dantzak(arin-arin, fandango,…), bertsolariak.
soinujoleak, ia urtero-urtero, huts egin gabe bertan egoten dira.

Beti bezala, umorea jartzen, Agustin Olarreagoa, berak duen grazi bereziarekin.

Ez dira faltatzen ez harrijasotzaile, korrikalari eta gainerako jardunak. Azken urteetan korrika saioak eta zaldi lasterketa ere jartzen dituzte. Kirol hau indartzen ari da Asteasun.

Nola joan daiteke Santamañara

Hamaika lekutatik eta hamaika modura joan daiteke bertara, autoz, oinez… 


Guk oinez egiten duguna jarriko dut hemen. 


Uste dut bera dela asteasuarrek gehien erabiltzen duten bidea. 


Hori bera azaltzen da Aiztondon barrena liburuan, eta bertatik joan daitekeen kanpotarrak ere goza dezake bazter zoragarri honetaz, bertan agertzen den naturaz, zuhaitz eta baserriez.

Bi kilometro besterik ez dira, beraz, patxada ederrean joanda ere ordubetean egiteko modukoa.

Horra bide horren berri (ibilbide hau Aiztondon barrena liburutik hartu dugu):

Udaletxeko plazatik abiatu gaitezke.

Ondoren, Erreka Bailarako bidea hartu behar da, hau da, Kabelatik aurrera Ibargaina iritsi behar da. “Ibargain” etxe handia ikusiko dugu gure eskuinetara.

 

Horren ondoan hasten den hormigoizko bidea goraka doa piskanaka paisaian tartekatzen diren belardi eta itsura ederreko arteen tartetik.

 

Berehala bi etxe berri, guztiz modernoak agertuko zaizkigu: bata Oskarbi eta, bestea, Gorotzaneta.

 

Eskuinera ikus daitezke “Lizola” eta “Lizurume” baserriak. Eta ikusi nahi dituenak ez du bidea asko luzatu beharrik izango. Dena den, hauen albotik pasa gabe ere igo daiteke Santamañara.

 

Segidan eta hirurehun metrotara “Ziarrote” baserria dago. 
 

Lizolateine baserritik 300 bat metrotara. Honen fatxada nagusian erdi-puntuko arkua ikusiko dugu.
 

“Ziarrote”ren fatxadaren eskuin aldetik abiatzen den herribideak, aldapa nahikoa maldatsutik barrena, hurrengo baserriraino bideratuko gaitu: “Lizola Goena”.

 

Hortik aurrerako igoera hormigoizko bide batetik egingo dugu Santa Marina ermita azpira iritsi arte.

Berritu berri den Mazustategi-zahar baserrri ondotik igaroz igotzen den ezkerreko bidea hartu era lepo gainera iritsiko gara. 
 

Mazustategi baserriaren ondoan etxe berri bat ikus daiteke “Ikustoki” izenekoa.

Horra, bada, Santamaña Asteasuko plazatik bi kilometrora gutxi gora behera.

 

Bidean, miragarrizko paisai ikus daiteke alde guztietatik, baratz, mendi, belardi berde, gerezi, sagasti eta intxaur ugari ikusiko dituzu bidean zehar.

Santamañako festak

Umorea, trikitixa, dantza. Horra Lajaren soinu txikiak lortzen duena.

Mila esker lerro hauek osatzen lagundu digutenei, batez ere Mª Angeles Uzkuduni eta Agustin Aizpuruari.

Estatutoak

Barne Araudia

Baja eskaera

Alta eskaera

bottom of page